Mastodon

Datorren urtean ere Azaroaren 25eko manifestazioan egongo naiz | Gogoan-por una memoria digna

Datorren urtean ere Azaroaren 25eko manifestazioan egongo naiz | Gogoan-por una memoria digna

Maite Leanizbarrutia Biritxinaga. 2002ko abenduak 6.

Zoritxarrez; konzientziak esnatzen joan gaitezkeen arren, inertziak eusten, berdintasunean hezten eta diskriminazio eza lortzeko pausuak ematen, zaila egiten zaidalako emakumeen aurkako indarkeria matxistarik gabeko gizartea eta mundua imajinatzea. Eta helburu hauek lortze aldera eta mundu zuzenago batera iristeko feminismoa ezinbestekoa dela deritzot.

Nire ustez borroka hau bide baketsuetatik igarota burutu behar da nahitaez, eta mugimendu feministari dagokionez horrela izaten da normalean: feministek deitutako manifestazioak baketsuak izaten dira. Ni neu Azaroak 25, emakumeen kontrako indarkeriaren aurkako egunak indarkeriarik ezera narama derrigorrez, eta honek indarkeria ez erabiltzeaz gain, gutxienez indarkeria ez zuritzea ekarri beharko luke berarekin.

Indarkeria erauzteko eta zilegitasuna kentzeko ezinbestekoa da indarkeriaz ari garenean kontzeptuak ondo bereizteko ahalegina egitea eta zehatzak izatea, eta nire aburuz Azaroaren 25koa bezalako manifetazioetan jaurtitzen diren kontsigna batzuekin ez da horrela gertatzen, eta honek ez dio inolako mesederik egiten mugimendu feministari. Ostiralean Gasteizen ospatu zen manifestazioan horrelako oihuak entzuten ziren: “jasotzen duzun diruarekin hil-bukaerara ez iristea da terrorismoa” edo hainbestetan entzutea egokitu zaigun “zuek faxistak, zarete terroristak”. Terrorismoa ez da edozer gauza, eta duen larritasunagatik terrorismoarekin alderatu daitekeena gizon batzuek emakumeei eragiten dieten indarkeria da: herio- mehatxuak botatzea, emakumeak ikaratzea eta askatasuna kentzea, sexu-erasoak burutzea edo emakumeak akabatzea. Hil-bukaerara ez iristea ez da terrorismoa; sekulako harlauza da emakume eta familia askorentzat, errotik aldatu beharreko egitura-injustizia baten ondorioa, baina ez da terrorismoa. Bestalde, faxismoaren ondorio kaltegarrietaz ohartaraztea eta salatzea eta faxismoari aurre egitea oso beharrezkoa da, hala ere azken urteotan Euskadin eskuin muturreko aurpegi ezagunenak ez dira terroristak izan, biktimak baizik, ETAren herio-mehatxuaren menpe bizi behar izan dutelako urteetan zehar. Azaroaren 25eko manifestazio baten terrorismoaren aurkako kontsignak jaurtitzea erabakitzen bada, hitz egin dezagun ETAz, salatu dezagun zer izan den ETA gizarte honentzat, zeren eta berea hemen jasan behar izan dugun terrorismo bakarra izan ez den arren, urteetan zehar gehien iraun duena izan da, biktima gehien eragin dituena eta gure gizartearen baloreak eta bizikidetza larriki hondatu dituena.

Eta guzti honekin lotuta, mugimendu feministak urtero antolatzen dituen ekitaldi jendetsuetan emakume eta emakume-talde ugariri ahotsa ematen zaien arren, ETAko kide izateagatik preso dauden emakumeak barne, oraindik orain ez dago mikrofonorik ETAren biktima izan diren emakumeentzat, inoiz ez dira aintzat hartzen zoritxarrez. Eta nik aldarrikatu nahi dut Gasteizen eta Euskadin terrorismoaren biktima izan diren emakume ugari dagoela, anitzak, konprometituak, gizarte honentzat ezinbestekoa den lekukotasuna eta arrazoibidea emateko gai direnak, bai mugimendu feministak bai gainontzeko eragile eta elkarteek entzun eta aitortu beharko genituzkeenak. Hor dago Ana María Vidal Abarca gasteiztarraren historia, AVT Terrorismoaren Biktimen Elkartearen sortzaileetako bat. Elkarte hau terrorismoaren berunezko urteetan sortu zen eta atentatuen ostean guztiz babesgabe geratzen ziren biktimei -gehienak emakumeak- laguntza emateko sortu zen. Fernando Buesa Blanco Fundaziora hurbiltzen bagara bertan Fernando Buesaren alarguna den Natividad Rodríguez eta euren alabak, Marta eta Sara aurkituko ditugu, urteetan zehar ezin ordainduzko lana burutzen ari direnak gizarte honentzat onenak diren baloreetan sakonduz. GALen biktima diren Maider García Martín, Pili Zabala eta Axun Lasaren lekukotasunak eta hitzak ere entzun beharrekoak dira, behar-beharrezkoak. COVITEn Consuelo Ordóñez, Conchi Fernández bezalako biktimen laguntzarekin terrorismoaren biktima guztien memoriaren argia piztuta mantentzen ahalegintzen direnak, egunero egunero sekulako lana eginez. Cristina Cuesta, biktimen eskubideen aldarrikapenean eta bakearen aldeko lanean aintzindaria, gaur egun Miguel Angel Blanco Fundazioaren zuzendaria. Eta azkenik Maixabel Lasa, Eusko Jaurlaritzaren Biktimen Arretarako Bulegoaren zuzendaria izan zena, eta gaur egun bakearen aldeko eta indarkeriari zilegitasuna kentzeko ekintzailea dena. Guzti hauek eta beste askok indarkeriaren eta mendekuaren euste-hormarena egin dute eta zeukaten onena eman zuten eta ematen ari dira nahiz eta beraiek hauts eginda utzi zituen eraso anker eta bidegabea jaso. Euskal Herriko mugimendu feministak biktima hauek publikoki aitortu beharko lituzke.

Eta mobilizazio feministei dagokionez, nik eskertuko nuke bertan adierazten diren kontsignak ahal denik eta emakume gehienek partekatzekoak bezalakoak izatea, eta hori lortzea posible ez balitz hobe isiltasunean joango bagina. Hala ere, datorren urtean ere Azaroaren 25eko manifestazioan egoten saiatuko naiz.

Mila esker zuen konpromisoagatik eta egiten duzuen lan handi eta etengabeagatik.»

Lantzean behin, hortik zehar aurkitutako artikulu gogoangarriak bilduko ditut blogean, «bilduma» lelopean. Behin baino gehiagotan irakurri eta hausnartzea merezi duten artikuluak.

Lourdes Oñederraren beste artikulu honetan ere aipatzen da Maiterena.

El artículo citado está disponible en este enlace.


Lourdes Oñederra. Ibiltari baten egunkaritik:  Gudariak, txarangak, feminismoak

Lourdes Oñederra. Ibiltari baten egunkaritik:  Gudariak, txarangak, feminismoak

Fecha de publicación:: 22 de diciembre de 2022
Por: Lourdes Oñederra
Galde 39, negua 2023 invierno. Lourdes Oñederra.

Eguberrien aurre-girotzeko egun arraro hauetako batean kalean nabilela, txaranga alai bat dator kontrako norabidean. Goiz hotz baina eguzkitsuan badaramate dagoeneko jende mordoxka bat atzetik xaltaka. “Eusko Gudariak” ari dira jotzen. Doinu horrek, kanta horrek ez nau inoiz hunkitu, ez behintzat txikitan begi bustiak ikusten nizkien senide nagusiak hunkitzen zituen moduan. Haatik, gaur pena ematen dit txarangak jotzea eta jendeak berdin egitea jauzi eta barre horrekin zein horren ondoren letorkeenarekin, egun horretan “Somos de aquí, somos de allí…”, baina berdin izan liteke Errealaren ereserkia Gipuzkoan edo Alavésarena Araban. Pena ematen dit Francoren Estatu kolpearen aurka altxatu ziren haien memoria arinkeria txarangeroarekin hartzea, hura ahaztutzea alegia.

Handitu nintzenean, gazte oraindik, doinu horrek, kanta horrek nire onetik ateratzen ninduen Martxoaren 8ko manifestazio azkenean (emakumeak bakarrik – edo ia, beti baitzegoen sartzen zen gizonezkorik– osatzen zituzten manifestazio haietan). “Zutik emakumeak” abestu ondoren, Gasteizen behintzat, “Eusko Gudariak” kantatzen zen. Egia da ez zirela gutxi momentu horretan alde egiten zutenak. Ni horietako bat. Ordurako, noski, “gudariak” beste batzuk ziren, pentsatzen dut, hura martxoaren 8an edo beste edozein protesta-ekitalditan kantatzen zutenen buru eta bihotzetan. Eta hori txarangaren fribolitatea baino askoz okerragoa da. ETAkideak Gerra Zibileko Gudarien izen onaren babesean mozorrotzea ez da nahigabeko nahastea, gizarte honi agian inoiz erabat sendatuko ez zaion gaitzaren seinale baizik. Ez dakit nola egongo diren gauzak lehengoan txarangaren atzetik amonarekin xaltaka zihoan lauzpabost urteko nexka nire oraingo urteetara iristean. Dena nahastuta, dena ahaztuta? Alferrik galdua ikasteko aukera?

Ez da gauza hutsala“gudari” hitzarena. Hizkuntzak, hitzek, balio komunikatiboaz gain kognitiboa ere badute: neurri batean, neurri handi samar batean ziurrenik hitzen bidez pentsatzen dugu eta, pentsamenduak hitzak bezala, hitzek pentsamendua eratzen dute, ideiak egituratzen dituzte. Horregatik ez da txantxetakoa haiek eta hauek biak izendatzeko hitz bera erabiltzea.

Ramon Saizarbitoriari lapurtuko dizkiot hitzak duela gutxi argitaratutako Jon Juaristiren omenezko liburutik (testu osoa irakurtzea merezi du): “Estaba orgulloso del comportamiento de los míos, decentes y dignos atrapados en la guerra entre dos bandos (…) le creí al lehendakari Agirre cuando dijo: ‘Jamás en Euskaldi primará la voluntad de un grupo sobre la de los demás. Si la mayoría de mi pueblo quiere llegar a las máximas transformaciones, que llegue. De seguro que llegará a ellas sin las violencias registradas en otros lugares porque su mismo sentido democrático lo defiende de ellas’. (…) Ya sé que suena un poco miserable, pero aborrezco a quienes ejercieron y apoyaron el terrorismo, porque hirieron mi orgullo, porque me estropearon la historia”.

Beste askori ere historia hondatu ziguten eta herri honetako kultura aurrerakoiaren zati bat gutxieneznahasketen lokatzetan oso zikindua gelditu da. Maite Leanizbarrutia Biritxinagak Azaroaren 25eko manifestazioaren ondoren zenbait egunkaritan argitaratutako gogoeta zorrotzean ezin hobeto erakusten du feminismoaren zati baten itsutasuna. Kexu da kontsignetan erabilitako “terrorismo” hitza batzuen dirurik ezarekin edo faxisten gehiegikeriekin lotu zelako. Bi arazo horiei garrantzi apur bat ere kendu gabe, dio “Terrorismoa ez da edozer gauza, eta duen larritasunagatik terrorismoarekin alderatu daitekeena gizon batzuek emakumeei eragiten dieten indarkeria da (…)”. Osorik irakurri behar den artikulutik Leanizbarrutiaren beste aldarri bat nahi nuke ekarri hona: “(…) mugimendu feministak urtero antolatzen dituen ekitaldi jendetsuetan emakume eta emakume-talde ugariri ahotsa ematen zaien arren, ETAko kide izateagatik preso dauden emakumeei barne, oraindik ez dago mikrofonorik ETAren biktima izan diren emakumeentzat”. Ondoren aipatzen ditu ETAren eta GALen biktima izan diren zenbait emakume…

Lantzean behin, hortik zehar aurkitutako artikulu gogoangarriak bilduko ditut blogean, «bilduma» lelopean. Behin baino gehiagotan irakurri eta hausnartzea merezi duten artikuluak.